|
|||||
Nevada estatuak (AEB) jasoko du Lagun Onari saria, eta Patty Miller Boiseko Euskal Museoko zuzendariak Lan Onari saria
Miércoles, 7 de Julio de 2010 | |
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur erabaki du ematen dituen goraipamenik handienetako bi Nevada estatuari (AEB) eta Patty Miller Boiseko (Idaho, AEB) Euskal Museoko zuzendariari ematea.
Zehazki, Eusko Jaurlaritzak Nevadari emango dio Lagun Onari saria, euskal herritarrak hartu dituelako eta adiskidantza, kultura eta, batez ere, ekonomia harremanak bultzatuz kanpoan Euskadiren zabalkundea lortu duelako. Halaber, Jaurlaritzak Lan Onari goraipamenarekin eskertu nahi du Patty Millerren lana. Boiseko Euskal Museoaren zuzendaria da Miller 1993tik, eta goraipamen horrekin izan duen giza eta lanbide ibilbidea aitortu nahi zaio, "kultura eremuan sekulako ardura, etengabeko ahalegina eta ekimen aipagarria" erakutsi dituelako. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak banatuko ditu bi goraipamenak hilabete honen bukaeran Nevada, Idaho eta Kalifornia estatuetara egingo duen bidaian. Nevada izan zen XIX. mendean euskal artzain askoren sarrera, nahiz eta, azkenean, hauetako asko Kalifornian ezarri ziren urrearen garai hartan. Gainera, Nevada izan da kultur ekimen garrantzitsu asko garatu dituen estatua. 1959an Sparks herrian izan zen I. Euskal Jaialdi Nazionala, eta horrek, AEBetako mendebaldeko urteroko jaialdiak antolatzeko balio izan du, AEBetako Euskal Etxeen Federazioaren (NABO) hasiera izateaz gain. Era berean, Reno hirian Euskal Ikasketen Zentroa sortu zen 1967an, Nevadako Unibertsitateari atxikia, eta urteetan zehar euskal ikasketen nazioarteko erreferentzia bihurtu da mundu angloxazoian. Gainera, ikasleen trukaketen sistemaren bultzatzailea bihurtu da eta, horri esker, AEBetako eta beste nazioetako unibertsitateetako milaka ikaslek euskal campus desberdinetan ikasi ahal izan dute. Bestalde, Patty Millerrek duela 17 urtetik zuzentzen du AEBetako euskal museo bakarra. Boise Idaho estatuko hiriburuan dago museo hori eta bertan munduko euskal komunitaterik garrantzitsuena kokatzen da. Museoak antolatzen dituen ekintzen artean euskal munduari buruzko zabalkunde programak daude, eta Idahoko eskoletan eta Oregoneko ekialdean ematen dira programa horiek eta argazki erakusketa asko ere antolatzen dira. Horietako azkena "Ocultos a plena vista: los vascos" titulua duena da eta 300.000 pertsonatik gora ikusi ahal izan dute Ellis Irlan, Manhattanen. Erakusketa hori egokituko da euskal kolonia nabarmenak dauden AEBetako hiri eta herrietan ikusi ahal izateko./ Los comentarios están desactivados temporalmente. Warning: mysql_free_result(): 5 is not a valid MySQL result resource in /usr/home/loyolamedia.com/web/inc_noticias.php on line 247 |
|||||
|
|||||












