 |
Por Pello Zabala
"Otsailak 3"
Atzo Kandelario, gaur San Blas. Kandelarioz elurra dario, San Blasek lagunduko dio, hala dio esaera zaharrak. Elurra zuri bai, mendimuino askotan, baina ez darixolan, atzokoan. Izotz oskarbikoa bai, eta eguzki epelantza gero. Gaur eguraldi bikia. Eguraldiak eguraldi, San Blas zaindari estimatua izan da gure alderdiotan. Eztulka gineneko, San Blas! zioen, otoitz-errukitan, gure amamak, doministiku egin orduko batipat. Eskualdeon arabera deitzen zitzaion holakoetan: San Blas, doministikuka ito behar naz! Abadiño ta Durangaldean. San Blas, ito arte arnas! ziotsatzen, ziurrago aukeran, Nafarro aldetik. San Blas, eztarri, sama eta zintzur inguruetako min eta gaitzen zaindari prestutzat hartu izan da gure aldeotan. Martiria hau ere, etziko Agata deunaren legez. 316.urtean hil omen zuten. Ezer gutxi dakigu garai haietatik, ez bada Sebasten gotzain aukeratu zutela, neurri oneko gizaseme bihotz onekoa zelako. Halere, eztarri eskasekoa izanik, hizketarako eragozpen dexente omen zuen: ahotsa ere halakoxea behar orduan, mikrofono ta argindarrik gabeko sasoi haietan. Urte asko bizi izan zela eremuan ere kontatu izan digute, kobazulo batean erretiratuz. Txori eta hegazti denetarikoek bisitatzen omen zuten, beren txorrotxioekin gozatuz. Txoriek eztarritxoan trabatxoren bat bazuten, Blasek osatzen omen zituen. Baita mutilgazte bat ere, zintzurrean hezur-mutturren bat trabaturik zuena. Noski, laringologoek eta beste eztarriko osagileek zaindaritzat aukeratu zuten. Baserrietan, etxeko aiton-amona nahiz seme-alaba, bertako azienda eta hegaztiak, beti zen zer erremediatu: eta usuago, eztarria izanik lehenik kaltetu ohi dena. Baita san Blas egunez erremediotan saiatu ere: goizeko mezetara eraman ohi zituzten gatz, ale, zahi, argizari, ogi, lukainka, gozoki? Hegaztientzat, gatza, aleak eta zahia, orrea egiteko. Zahia umeontzat ere bai, bero-bero zapi batean eztarri minduari bueltan biltzeko. Gozokiak zer esanik ez, oso banaka, eztarri marranta goxatzeko. Gtza harri xapal batean pir-pir-pir zabaltzen zitzaien ardi nahiz hegaztiei. Ardi ta axuriek mihiaz lamikatzen zituzten. Arto eta aleak, oiloek kioa eta beste zintzurreko eritasunik zutenerako? samako lokarritxoak eta beste, mila usadio ditugu gaurko Blas donearen inguruan uztartutakoak. Askotxok dugu, sasoi honetan, san Blasen bedeinkazio beharrik, eztarri marrantatu hainbeste inguruan dabilkigunean. San Blas! San Blas! hotsegiten dio guztion onerako, Pello Zabalak, Arantzazutik.
|