 |
Por Joxe Arregi
"Zorionaren baldintzak"
Adiskidea: joan zen astean, Enrique Rojas psikiatra ospetsuak artikulu bat idatzi zuen egunkari batean, "Zorionaren bila" izenburuarekin. Ez da izenburu originala, nahi baduzu. Eta esan ere, ez zuen gauza original handirik esaten. Esaten zituenak denok dakizkigu: denok zorionaren bila gabiltzala, zoriona dela guztion bokazioa eta helburua, eta halere ez duela inork erabat lortzen, zorion betea ez dela existitzen, eta bost gauza direla beharrezko zoriontsu izateko: heldutasuna, maitasuna, lana, kultura eta adiskidetasuna. Bost baldintza nagusi, beraz, zoriontsu izateko. Horiek ere bagenekizkien. Baina errepara diezaiogun gauza bati: bost baldintza horien artean ez dira aipatzen gure artean gehientsuenek aipatuko lituzketen bi: osasuna eta dirua. Gaixo ez egoteak lagun dezake, noski, zoriontsu izaten, miseria gorrian ez bizitzeak ere bai. Baina ez gara zenbat eta sasoi hobean, hainbat eta zoriontsuago; ez gara zenbat eta aberatsago, hainbat eta zoriontsuago. Alderantziz gertatzen da maiz: zenbat eta gehiago sasoi hobearen bila ibili, hainbat eta zorion gutxiago; zenbat eta ondasun gehiago gutiziatu, hainbat eta zorigabeago. Zorionaren kontuak korapilatsuak dira zinez. Zorionaren bila gabiltza etengabe, baina zorionaren bila dabilenak nekez aurkituko du. Gozamena eta atsegina helburu nagusi dituenak sufrimendua eta atsekabeak ugalduko ditu, besteentzat ziur, baina baita bere buruarentzat ere. Guztiz heldua izan nahi duena ez da inoiz helduko. Maitasun perfektua amesten duena ez da maitasuna gozatzeko eta maitasuna eskaintzeko gauza izango. Nekerik gabeko lana desiratzen duena ez da inoiz bere lanean gustura izango. Akatsik gabeko adiskidea bilatzen duenak bere burua bilatzen du, eta bere buruaren bila dabilenak ez du inoiz aurkituko. Garena onartzen, daukagunarekin konformatzen, datorrena hartzen ez badakigu, nekez izan gaitezke zoriontsu. Nazareteko Jesusek beste modu batera esan zigun: "Zoriontsua bihotz pobrea duena! Zoriontsua otzana! Zoriontsua errukiorra!" Adiskidea: bizi zaitez bakean, izan zaitez zoriontsu!"
|