 |
Por Pello Zabala
"San Prudentzio"
Zeinen otoitz ta eskari polita gaurkoa! Eskatu ahala, pentsa arazten duena: ?Jainko Jauna, bakearen iturria, banatutako senideen artean berriro bakea ezartzeko doain harrigarria eman zenion Prudentzio gotzain santuari; egizu, haren eskariz, zure borondatera bildurik, bihotz-batasunean bizi gaitezela beti?. Eta horixe eskatzen dugu ?Bakea zuekin? esanez eta apostoluen gainera arnas eginez etorri zitzaigun Nazareteko Berpiztuaren bitartez. Prudentzio Armentiakoa bai, Gasteiz eta Araba aldean zaindari duten gotzaina. Hementxe gertu, gure arteko Armentian jaioa, aspaldi, bai, VI. mendean. 15 urte zitueneko erretiratu omen zen gaztelako eremu inguru batera. Gero Kalagurritik deitu zuten eta hantxe saiatu zen kristau bizitza bere jatortasunera eramaten, ebanjelio bidean sakontzen. Tarazonako gotzain aukeratu zuten, bertako kristau herriak aipatua zuelarik ordurako. Bere eginkizunik nagusiena haserre zeudenen artean bakeak egitea izan omen zen: dohaina omen zuen bihotz-begietan, aurrean prantatzen zitzaizkionei irribarrea ateratzeko eta estimua sorrarazteko. Inguruko hainbat kristau herritatik ere tira nahi zioten eta hala Osmara eraman zuten, zertara izango eta, apaizen eta herriaren arteko borrokak eta liskarrak konpontzera. Eta hantxe harrapatu zuen heriotzak. Prudens-prudentzio hau, zentzudun eta neurritsua, hauxe dugu elizamak bakegile aitortua, gure herri ta herrixken arteko bakeak egiten lagun diezagukena, harik eta zentzudun izaten, neurritsu jokatzen saiatuko bagina. Bakeak egitea erraza ere gerta daiteke, nahi izanez gero. Nahi ez bada, saiakera luzetxoa suerta beharko, aspaldian ondotxo dakigunez. Batasuna falta nonbait, bihotz-batasun prudente ta zentzuzkoa. Bakea ta ona desiatuz mintzatu zaizue, Arantzazutik, Pello Zabala.
|