 |
Por Joxe Arregi
"Funtsezko sinesmena"
Adiskidea: Sinesgabeek eta sinestunok iritsi ote gaitezke oinarri etikoak adostera? Sinesmenak bereizten gaituenok elkartu ote gaitzake etikak? Horixe izan zen aztergai joan zen asteburuan Baketikek Arantzazun antolatutako jardunaldietan. Galdera horiei erantzuteko, bi pentsalari on aurrez aurre: Victoria Camps pentsalari agnostikoa eta Juan Martin Velasco teologo kristaua. Bien aurrez aurre, ordea, neurekiko nioen: “sinesgabe” etiketa jarri diogu batari, “sinestun” etiketa besteari. Baina, etiketez haratago, zein ote da zinez bietan sinesgabe eta zein sinestun? Sinesgabe omen denak gauza askotan sinesten baitu: bizian sinesten du, bizia miresten eta eskertzen, bizia begiratzen eta zaintzen. Eta ez ote da horixe sinesmenik funtsezkoena sinestun omen garenontzat ere? Zergatik deitzen diogu, bada, “sinesgabe”, zerbait faltako balu bezala? Sinestunon artean sarri entzuten da: “Urlia edo sendia sinesgabea da, baina ona”, sinesgabe izatea on izateko oztopo balitz bezala, sinesgabe eta on izatea salbuespen balitz bezala, sinestunak berez onak eta sinesgabeak berez ez hain onak balira bezala. Inork ez luke esango: “Holako edo halako sinesgabea da, baina begi ederrak ditu”, edo “sinesgabea da, baina sufritu egiten du”, edo “sinesgabea da, baina zoriontsua da”. Inoiz ez genuke esan behar: “Sinesgabea da, baina...”. Kontua ez baita sinesten den edo ez, zertan sinesten den baizik. Edo, zehatzago, nola sinesten den eta sinesmenak zertara garamatzan: hori da gakoa. Kontua ez da Jainkoa ukatzen edo Jainkoa sinesten ote duzun ere, zer Jainko ukatzen duzun eta zer Jainko sinesten duzun baizik, eta nola. Alegia: zeure sinesmenak, edo Jainkoak, gizatiarrago, sentiberago, errukitsuago, senideago, hurkoago eta azken batean zoriontsuago egiten ote zaituen ala ez, hor dago koska. Guztiok gara sinestun eta sinesgabe. Baina sinestun ala sinesgabe, hori ez da kontua. “Besteek zuri egitea nahi ez duzuna, ez egin besteei. Besteek zuri egitea nahi duzuna, egin besteei”. Hori da guztia. Hor dago etika. Hor dago erlijioa. Hor dago Jainkoa. Joxe Arregi
|